"Oteiza. Eskultura Katalogo Arrazoitua" argitalpenaren bigarren aurkezpena Arantzazun egingo da larunbatean

2016/06/06
Card image cap
Lehenengoa, Altzuzako Oteiza Fundazioa-Museoan egin zen, pasa den otsailean

  Arantzazu Gaur Fundazioak, Jorge Oteiza Fundazio-Museoarekin elkarlanean, Oteiza. Eskultura Katalogo Arrazoitua argitalpenaren bigarren aurkezpena antolatu du. Txomin Badiola artistaren eta kritikoaren lanak, bilduma pribatuetan zein publikoetan gordetzen diren 2752 artelan jasotzen ditu. Katalogo arrazoitu hau osatzeari ekin zionean, bi helburu zituen Txomin Badiolak: Jorge Oteizaren obra osoaren bilduma egitea eta  artistaren konplexutasunarekiko begirunez jokatuko zuen egitura sortzea. Horretarako, obren katalogazioko informazio gordina osatu du, lanok Oteizaren bizipen prozesu biografiko, artistiko eta esperimentalaren baitan kokatzen dituen material diskurtsiboa zehaztuz. Argitalpenak dituen bi liburukietan gainera, Badiolaren saiakerak tartekatu dira, Oteizaren obrak beren testuinguru historikoan kokatu eta beste zenbait artistarekin eta maila kontzeptualeko gaiekin harremanetan jartzeko.

  Katalogoaren hiru edizio egin dira, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez, Oteizaren obra hainbat esparrutan zabaltzeko asmoz. Lan mardula da, 952 orrialde baititu. Jorge Oteiza Fundazio-Museoak Nerea Argitaletxearekin elkarlanean argitaratutako obrak Nafarroako Gobernua, Nafarroako Museo Sistema, Kutxa Fundazioa, Eguesibarko Udala eta, euskarazko ediziorako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan du.

  Badiolaren lanaren lehen aurkezpen otsailaren 15ean egin zen Altzuzako Jorge Oteiza Fundazio-Museoan, eta bigarrena, Oteizaren ibilbide artistikoan ezinbesteko erreferentzia izan zen Arantzazun egingo da larunbatean.
Aurkezpen-ekitaldia 12.00etan hasiko da Gandiaga Topagunea kultur zentroan, eta bertan izango dira Txomin Badiola bera eta Rafael Moneo arkitektoa. Ekitaldia irekia da baina joateko interesa dutenei, aurrez izena ematea eskatzen zaie, 943.716575 telefonora deituz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!